XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...)zerbait buruan pasa gabe etortzen den bertsolaririk ez dut uste denik.

Bainan agurrak banan-banan entzun edo aztertu ahala, garbi ikusi ohi da halako edo holako agurra ez dela etxetik ekarria, bertan sortua baizik, dela aurretik kantatu denen bati jarraiki zaiolako, dela plazan ikusten nahiz gertatzen den zerbaiti heltzen zaiolako, dela beste edozein ñabardurarengatik.

Harek plazako seilua du; ez etxekoa.

Egia zera da: agurrari, sarrerakoari nahiz despeirakoari, beren eskerra ematen diotela bertsolariek.

Aurtengo udakoa esango dut.

Sei bertsolari nituen jaialdian, eta hiruk bakarrik azken agurra egitea neukan pentsatua nik, bukaerako ihardunean puntuka jarri bait nituen beste hirurak.

Hori adierazi egin nuen gainera, eta guk ere egingo dugu agurra esan zidan baztertutako hirukoteko batek.

Harek gauza bat adierazi nahi zion entzulegoari: alegia, bertsolari zahar eta berrien arteko topagune bat izan zela herri hartakoa.

Eta egia zen.

Bazen bat gaxte-gaxtea, bazen gaztea, bazen gazte txit heldua eta baziren hirurogeitan ondotxo pasatako beste hiru.

Belaunaldien arteko gurutzaketa hori azpimarratu nahi zuen delako bertsolari harek, eta egin egin zuen.

Ez zen etxeratu egun hartakoari seilu hori jarri gabe.

Ederki!

Garrantzia zuen zerbait zen hori harentzat, eta despeirako bertsoaz baliatu zen entzulegoari hori adierazteko.

Azkeneko honetan gehienetan, jaialdiari doakion seilu bat jarri bezala egiten dute.

Ondo joan dela?

Txaloak eskertu eta entzulegoa igurtzi.

Nolahala xamar ibili direla?

Barkamena eskatu eta hurrengo batean hobeki ariko direla hitzeman.

Norbaitek tokatu zaion gaia ez duela ongi burutu?

Huraxe biribiltzen dizu azkeneko horrekin.